Manu Tejada Abanto-Zierbenako Alkateak jendaurrean egin du Udalaren www.abanto-zierbena.org web berriaren aurkezpena, eta adierazi du ez dela "webaren irudi-aldaketa hutsa, BiscayTIK proiektuaren eskutik udalerria modernizatzeko lehenengo urratsetako bat baino. Gainera, erakunde pilotu legez Abanto-Zierbenak eman duen urrats hau ez da mugatuko udalaren egoitza elektronikoa aldatzera. Dagoeneko barruko hainbat aplikazio ere eguneratu ditu, hala nola Errolda, Sarrera/Irteeren Erregistroa edo Espedienteen Kudeaketa BiscayTIK sistemarako egokitzapena, eta hurrengo urratsa emateko aukera ahalbidetzeko tresna modernoak eskuratu ditu: Interneten bidezko tramitazio telematikoa".
Ondoren Ogasun eta Finantzen foru diputatua den Jose Maria Iruarrizagak BiscayTIK proiektuaren ezaugarriak eta ibilbidea azaldu ditu, azpimarratuz "BiscayTIK proiektua Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimen zabal eta handia dela, helburu hauek dituena: teknologia berrien erabilera herritarren eskura jartzea, lurraldeko toki administrazioetako udal sistema informatikoak modernizatzea, eta toki administrazio elektronikoaren eremuan Bizkaia erreferente izan dadila lortzea".
Helburu horiek lortzeko, BiscayTIKek hiru jarduera nagusi egiten dihardu, besteak beste:
Bizkaitar guztiei doako helbide elektroniko bat, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa eta publizitaterik gabekoa, eskaintzea, bizkaia.eu domeinuari lotuta egongo dena, eta hainbat zerbitzutara iristeko aukera emango diena, baita Interneten bidez udalekin egin beharreko hainbat tramite egiteko ere.
Udaletan erabiltzen diren sistema informatikoak eraberritzea, hiritarrekiko jarduketak egiteko erraztasunak emango dizkiena, honako hauetarako konponbide informatikoak eskainiz: erregistroa, errolda, kontabilitatea, giza-baliabideak, aurrekontua, ondarea eta inbentarioa, kontratazio publikoa eta, baita ere, zergen kudeaketa eta zerga-bilketa.
web ataria abiaraztea, herritarrek udal administrazioarekiko tramiteak Internet bidez egiteko aukera izan dezaten, "etxetik irten barik", horrela denbora, zerbitzu-kalitatea eta erabilera-erraztasunak eskuratuko dituztelarik.
Eta azkenik, nazioartean aitzindaria izango den teknologia-zentroa. Berria sortuko litzateke, eta proiektu berritzaile hau garatzeko Bizkaian konprometituko liratekeen nazioarteko lehen mailako enpresen laguntza izango luke.
Horren ostean Ibon Oñatek, BiscayTIK Fundazioko zuzendari-kudeatzaileak, Abanto-Zierbenako Udalaren proiektua ezartzeko prozedurari buruzko xehetasunak eman ditu.Hurbileko zerbitzuak eta denbora errealean.
Ekitaldiari amaiera emateko Manu Tejada alkateak web berriaren ezaugarriak ezagutarazi ditu: irudi modernoagoa du, teknologia gaurkotuenak biltzen dituena, mapa interaktiboak edo edukietan profilen arabera nabigatu ahal izatea, esaterako, eta, bestetik, udalerriko informaziorik gaurkotuena emango du, baita eguraldiari buruzko informazioa ere, denbora errealean.
Hasierako orrian atal nagusiak ageri dira, honako hauek, esaterako: "Agenda" eta "Berriak", egunean-egunean eguneratuko direnak; "Udala", udaletxeko barruko egitura azalduko duena, alkatearen agurra eta udalbatzaren kide guztien izenak jasoko dituena, baita sail guztietako kideen zerrenda eta haiei dagozkien eginkizunak eta haiekin harremanetan jartzeko era, eta udal ordenantzak eta kontratugileen ezaugarriak; "Zerbitzuak", udalak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzu guztien berri emango duena; "Baliabideak", udal mapa edo argitalpenetarako sarbidea, telefono zenbaki interesgarriak eta udalerriko atzoko eta gaurko irudiak argitaratuko dituena; "Hiritarrak", Abanto-Zierbenan bizi direnentzat interesgarria izan daitekeen informazio guztia emango duena, haur, ikasle, gazte, heldu, nagusi edo elkarteentzako eduki berezituekin; "Enpresak"; eta "Turismoa", udalerriko eskaintza kulturala, gastronomikoa eta ostatu edo lo egiteko tokiena emango duena, baita aisialdirako guneena ere, ibilbideen eta jolas-gune edo atseden-lekuen berri emanez.