Web atariak

BiscayTIKek toki administrazioentzat sortzen dituen web atarietan Herritarrak Zerbitzu Publikoetara Bitarteko Elektronikoz Sartzeari buruzko 11/2007 Legeak ezarritako baldintza guztiak betzen dira. Atariek udaletxearekin harremanetan jartzeko kanal berriak sortuko dituzte eta herritarrei izapideak telematikoki edonon eta edonoiz egiteko aukera eskainiko diete.

Web atariak

Ataria egiteko edukien kudeaketarako sistema bat erabili da. Sistema horri esker, toki administrazioek lehendik zeuzkaten edukiak gorde ditzakete BiscayTIKen laguntzarik gabe eta ezagutza informatiko aurreraturik gabe.

Tresna bera erabiliz sortu diren arren, atariek administrazio bakoitzarentzat egokitutako diseinu berezia daukate berezko duten izaera eta nortasuna gal ez dezaten.

Atarien bidez, 100 izapide baino gehiago hasieratik bukaerara telematikoki egiteko aukera eskainiko da. Gainera, izapideen katalogoa bistaratzea eta zure izapideen egoera ezagutzea bezalako ekintza soil baina garrantzitsuak egin ahal izango dituzu. Horrez gain, zure izapideen historia ere ikusgai egongo da eta horren bidez iraganean zure udaletxearekin egindako izapideak kontsultatzeko aukera emango zaizu.

Atarien bidez igortzen diren agiri guztiek egiaztapen kode bat izango dute horien egiazkotasuna baliozkotzeko.

Esan gabe doa sistemaren segurtasuna bermatuta dagoela. Segurtasuna ziurtatzeko, sinadura aurreratuko sistemak, denbora-zigiluko mekanismoak eta segurtasun maila gehigarria ematen duten egoitza elektronikoko EV (Extended Validation) ziurtagiriak erabiltzen dira.

Web atariaren eta udal kudeaketarako baliabidearen arteko integrazioari esker, izapideen kudeaketa errazagoa eta arinagoa izango da. Sistemaren gardentasuna ere areagotu egingo da eta, horren guztiaren ondorioz, herritarrei zerbitzu hobea eskainiko zaie.

Gure soluzioaren eta gainontzekoen arteko desberdintasunei aipamena egitea garratzitsua deritzogu. Izan ere, atari hau ez da front-end soila, kudeaketako barne-sistemaren modulu guztiekin guztiz integratuta dagoen sistema baizik. Esate baterako, internet bidez egindako sarrera erregistro baten tratamendua eta bulegoetan aurrez aurre egindako izapide beraren tratamendua berdin-berdinak izango dira.