BiscayTIKek Software as a Service eredua erabiltzen du toki administrazioei eskaintzen dizkien zerbitzu guztietan. SaaS ereduari esker, udalek ez dute euren ordenagailuetan programak instalatzeko beharrik izango; are gehiago, ez dute aplikazioak instalatzeko azpiegitura informatiko espezifikorik behar izango. Behar izango duten bakarra zerbitzuetara urrutitik sartzeko interneteko konexioa da eta ezaugarri horrek kostuen murrizketa handia ekarriko du.
BiscayTIKeko sistemen azpiegitura osoa Lantikeko prozesaketa-zentroetan kokatuta dago. Lantik Bizkaiko Foru Aldundiaren enpresa informatikoa da, eta bere ardurapean dagoen aipatutako azpiegiturak ezaugarri teknologiko berrienak ditu, besteak beste: erredundantzia geografikoa, erabilgarritasun handia eta 24x7 jarduteko zerbitzua. Azpiegituraren nolakotasun horiek behar-beharrezkoak dira sistemaren funtzionamendu egokia bermatzeko eta herritarrei ahalik eta zerbitzu hoberena eskaintzeko
“Cloud” edo hodei pribatuko eredu honek baliabideen erabilera asko optimizatzeko aukera ematen du, bitartekoak zentralizatu egiten baititu, eta horri esker ekonomia-, giza eta antolaketa-gastuak hein handi batean murrizten dira. Egoera hori eta oraingo errealitatea oso bestelakoak dira, gaur egun toki administrazio bakoitzak bere azpiegitura mantendu behar duelako eta, ondorioz, gastuak ugaritu egiten direlako.